Urte bete zaintza partekatuari buruzko jurisprudentzia berriaren ondoren

2013ko apirilaren 29tik, zaintza partekatua neurri normala zela jurisprudentzia moduan ezarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia eta urte betera, Auzitegi honek sei epai eman ditu (uste dut hauek direla guztiak) umeen zaintzaren inguruan.

Urte betean, gurasoak banatu osteko zaintza kontutan hartuz emandako sei epaietatik, lau dira zaintza partekatuaren aldekoak, eta bi kontrakoak, kasu batean zaintza amari, eta beste batean aitari esleituz.

2013ko ekainaren 7ko epaia, Cáceresko kasu batean. Zaintza partekatua ukatzen dio aitari, Talde Psikosozialaren txostenean oinarrituz, eta aitaren kontrako salaketa penalak daudela argudiatuz (nahi eta salaketa horien ebazpena oraindik jakiteke dagoen).

2013ko uztailaren 19ko epaia, Cantabriako kasu batean. Adingabearentzako onena dela argudiatuz, zaintza partekatua esleitzen die guraso biei, 15 egun guraso bakoitzari, ez baitu hori egiteko inolako oztoporik ikusten.

2013ko azaroaren 20ko epaia, Canariasko kasu batean. Guraso biek zaintza modu esklusiboan eskatuta, Auzitegiak aitari ematen dio, umeentzako onena hori dela argudiatuz.

2013ko azaroaren 25eko epaia, Ourenseko kasu batean. Zaintza partekatuaren aldeko hautua egiten du, nahiz eta guraso bietako batek ere eskatu ez. Adierazten du modu honetan umea eta guraso bien arteko harremanari eutsi egiten zaiola, adingabeak etenik sentitu ez dezan.

2013ko azaroaren 29ko epaia, Cáceresko kasu batean. Guraso biei zaintza partekatua ematen die, nahiz eta beraien arteko harremana txarra izan, ulertzen duelako beraien arteko harremana ez dela adingabekoaren interesen oztopo, eta biak zaintza modu egokian gauzatzeko gai direla arrazoituz.

2013ko abenduaren 17ko epaia, Madrideko kasu batean. Zaintza partekatuaren aldeko epaia, arauketa honek adingabearen egonkortasun emozionalerako, hezkuntza orokorrerako eta garapenerako onurak ekartzen dituelako.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Lurralde Auzitegiei dagokienez, garai honetan bost epairen berri baino ez dut izan adingabeen zaintzaren inguruan, izango da hala ere baten bat gehiago, argitaratuta ikusi ez dudana. Horietatik hiru zaintza partekatuaren aurkakoak dira, bi aldekoak. Hementxe:

– Arabako Lurralde Auzitegiaren epaia, 2013ko ekainaren 7koa: nahiz eta aitak zaintza partekatua eskatu zuen, Auzitegiak amari ematen dio zaintza esklusiboa, batez ere gurasoen artean hezkuntza aldetik desadostasun daudelako. Hala ere, zaintza esklusiboaren alde eginda ere, epaiak ez du baztertzen kasu honetan etorkizunean zaintza partekatua ezartzeko aukera.

– Arabako Lurralde Auzitegiaren epaia, 2013ko uztailaren 8koa: zaintza partekatua ukatzen dio aitari, gurasoak ere lehendik zeudelako banatuta, eta lehenagotik amak izanda zaintza, harrez gero egoera ez delako nabarmenki aldatu.

– Nafarroako Lurralde Auzitegiaren epaia, 2013ko uztailaren 18koa: aitak zaintza partekatua eskatu zuen, eta Auzitegiak onetsi egiten dio, nahiz eta ama aurka egon. Argudiatzen du adingabearentzako araubide hau hobea dela, baita umea txikia izanda ere.

– Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaia,  2013ko urriaren 29koa: ukatu egiten dio zaintza partekatua aitari, gurasoak aurretik ere banatuta egonda eta zaintza amak izanda, irizten duelako ez dela nabarmenki aldatu egoera zaintzaren aldaketa bat justifikatzeko.

– Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren epaia, 2013ko azaroaren 17koa: onartu egiten du aitaren eskaera, zaintza partekatua izatekoa, aurretik ere gurasoak banatuta zaintza partekatu egoeran zeudelako, umeen ona horixe delako, eta guraso biak gai direlako umeen zaintza modu egokian gauzatzeko.

, , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.