Errugabetzat jo dute estafa eta kapital zuriketa leporatzen zioten bezeroa

Orain dela hilabete batzuk webgune honetan komentatu genuen gure bezero bat estafa eta kapitala zuritzeagatik auziperatu zutela, lanean ziharduela internetez egindako kobrantza batzuk egiteagatik.

Bilboko Zigor Arloko 2 zk-ko epaitegiak oraintsu emandako epai baten bitartez, gure bezero Nerea (asmatutako izena), inputatua, errugabetzat jo du, epaileak, ez duelako frogatutzat ematen Nerea auziperatuak leporatzen zitzaizkion gertaerak egin zituenik. Epaia irmoa da, Ministeritza Fiskalak eta Banco Bilbao Vizcaya Argentariak (akusazio partikularrak) ez baitute errekurtsorik jarri bere aurka.

Frogatutako gertakariak honako hauek dira:

Nereak, langabezian, lan eskaintza bat jaso zuen izena emanda zegoen webgune baten bitartez. Bere lana zen bere izenean zegoen BBVAko kontu batean transferentzia bat jasotzea eta jasotako diru hori, bere komisioa kenduta, Western Union bitartez bidaltzea enpresak esandako pertsona bati. Transferentzia horiek transferentziarik egiteko baimenik eman ez zuten hirugarren batzuren kontuetatik eginikoak ziren. Hiru transferentzia egin zituen Nereak, BBVAko bulegoan poliziak atxilotu zuen arte.

Epaileak ebazten du ezin dela frogatu ez kapitala zuritzeko delitua egin zuenik (Kode Penaleko 301.1.3 artikulua), ez estafa informatikoko delitua egin zuenik (Kode Penaleko 248.2 artikulua) . Ezin baita frogatutzat eman Nereak transmititzen zituen ondasunak delitu batetik zetozela zekienik, ezta transmititzen zizkioten ondasuna delitu batetik zetozela zekienik.

Aitzitik, Nerea langabezian zegoen, lana topatzeko webguneetan izena emanda zegoen, enpresa batek lana eskaini zion, kontratua bidali zioten, azaldu zioten bere lana "merkataritza aholkularia" izatea izango zela, BBVAn kontu bat ireki arazi zioten eta transferentziak egiteko agindu zioten. Hasierako lanarengatik fakturarik bidali ez ziotela-eta, harritu egin zen, eta faktura erreklamatu zuen email bitartez. Berak jasotako komisioa ere ez zen neurriz kanpokoa. Eta hirugarren transferentzian poliziak atxeki zuenean BBVAko bulegoan, erraztasun guztiak jarri zituen informazioa emateko.

Epaileak irizten dio ez dagoela frogarik nahiko aipatutako delituak frogatutzat hartzeko, eta "in dubio pro reo" printzipioa aplikatuz, errugatzetzat jotzen du gure bezeroa.

, , , , , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude