Ikusi ditugu auto baten edota etxebizitza baten salerosketa egiteko whatsapp bidez egin diren hitzarmenak.
Kontratuak al dira whatsapp bidez hitzartzen direnak?
Adibidez, Josebak auto bat saltzeko iragarkia jarri du interneten. Arratek ikusi egin du eta Josebarekin jarri da harremanetan whatsapp bidez. Iragarkiko salneurria 25.000 eurokoa zen. Whatsappezko elkarrizketan, Josebak eta Arratek adostu dute autoa 20.000 eurotan erosiko duela Arratek, dirua eta autoa hiru egun barru entregatuko dituztela, eta autoak IAT eguneratua izan beharko duela.
Bigarren adibidea: Mirenek eta Pilik iragarkia jarri dute egunkarian etxebizitza saltzeko. Albertok irakurri du iragarkia, harremanetan jarri da saltzaileekin, ikusi du etxea, eta whats app bidez egindako elkarrizketan, bi alderdiek adostu dute salerosketaren prezioa 150.000 eurokoa izango dela, etxebizitza hiru hilabete barru entregatuko dela, hamabost egun pasa baino lehen prezioaren 5.000 euroko aurrerapen bat emango duela erosleak, eta eskritura publikoak bi hilabete barru egingo direla Bilboko notaritza batean.
Bakoitzak hartu dituen obligazioak bete behar al ditu? Whatsappez adostutako bete ez duena, behartu al daiteke hitzartutakoa betetzera?
Kontratua (Kode Zibileko 1.254 artikulua) bada pertsona bat edo gehiago ados daudenetik beste persona bati edo batzuei gauza bat edo zerbitzu bat emateko.
Beraz, whatsappez bi pertsonek adostu eta onartu badute batak zerbait saltzea, eta besteak prezio eta baldintza batzuetan erostea, kontratu bat egin dute.
Kontratua badaukagu. Hortik aurrera kontratua betetzeko eta gauzatzeko, paperean sinatutako kontratu bat izango bagenu bezala jokatu ahal dugu.
Hori bai: whatsappa proba moduan erabiltzeko epaitegietan, aurreneurri batzuk hartzea komeni da:
– whatsapp mezuak paperean inprimatu
– notarioaren akta bat, fede emanez telefonoan agertzen den elkarrizketa paperean jasotako berbera dela, eta elkarrizketa zein telefono zenbakitik eta zein telefono modelotik egindakoa den
– aditu informatikari baten txostena, elkarrizketa hori telefono zenbaki eta modelo horien artean egin dela ziurtatuko duena, eta baita ere elkarrizketa zein egunetan eta ordutan egin den.
Deja una respuesta