“Nahi duzu fiskalarekin hitz egin? Covidaren ostean akordio onak eskaintzen ari da.”
Lehenengo aldiz nago epaitegian epaiketa bat arratsaldez egiteko, normaltasun berria, badakizu, epaiketa penala. Donostiako auzitegian aretoetara sartzeko dagoen hall zabala ia hutsik eta isilik. Argiaren zarata entzuten da. Markak lurrean pertsonen posizkoa ezartzeko, ez dira beharrezko orain, aulkiak lekuz aldatuta eta plastikozko zintez zigilatuta. Biluztasun horrek animatuko zuen langilea konfiantzazko adierazpenak egitera.
Aurretik ateko segurtasun-langileak galdera erretorikoa izan nahiko ez zuena, edo bai: “zer, epaiketa batera zatoz?”. “Ez, arratsalde pasa, hondartzan lekurik ez neukan”. Ni ere seguratek ohiz ematen didaten errespetuaren aldean, ausart.
Bezeroak sasoiko eskaintza kilikagarria onartu nahi ez, eta epaiketara sartu gara. Maskara ez da albiste, epailea, fiskala eta langilea maskaradun, kirurgikoak. Niretzako, berbetarako erosoenak. Maskara bariko garairik ez ditut gogoratzen, arrain-memoria, egokitzeko gaitasuna.
Haize egokiturik ez, atzeko atea zabalik, bero. Epailea eta fiskala toga gabe aretoan, normaltasun berria, badakizu, eta halako batean, hasteko gaudela toga bana janzten dute. Eta ni, barik, normaltasun berria, badakizu. Galdetu egin diet: zeuek togarekin eta ni, defentsako abokatu naizen hau, toga barik? Ezerezago sentitzen naiz. “Guk gurea daukagu, ez dugu partekaten, zuek bezala”. Klaseak daude, ez, hori ez didate esan, hitzekin ez gutxienez. Goizean egon naizen epaiketan epailea eta fiskala toga gabe zeuden jantzita, baina, jakina, herri bateko epaitegi bat zen. Orain hiriburuan gaude.
Plasman, bezeroa. Konexioak kale behin, gero eten, hiru, lau, ez dakit zenbat aldiz moztu. Defentsa eskubidea kili-kolo konexioan barrena. Epaileak pazientzia dauka. Bero da, esan dut, baina bero handia delako errepikatzen dut. Lekukoa abanikoarekin dabil. Fiskalari toga ireki zaio, azpiko eskotea ere bai, bularretako farfaildun baten kopa geratu zaio bistan, epaiketaren erdi aldera, sator kolorekoa.
Ordu bete, bero sapa, pazientzia, maskara bitartezko hizketa. Irten eta halla huts-hutsik, orain argia ere ez dut entzuten. Segurtasun-mutilari agur esan diot, irten naiz kanpora, eta plasta jo dit porlanezko plazako eguzkiak buruan. Arratsaldeko 7ak pasa dira, eta nire arratsaldeko lehen epaiketatik ari naiz ateratzen epaitegitik.
Deja una respuesta