Goio Aranak gogora ekartzen zuen Adela Ibaberen heriotza, abortu klandestino baten ondorioz gertatutakoa, orain dela 40 urte. Kontsulta egin zidan 1973an abortuak Espainiako legedian zein erregulazio zuen galdetzeko. Gaia apur bat aztertu nuen, eta ikusi nuen azken berroigeitamar urteetan nolako bilakaera izan duen haurdunaldiaren borondatezko etetearen inguruko araudiak.
Adela Ibabe zendu zenean 1973ko Kode Penala zegoen indarrean. Kode horretako 411 artikuluak abortatzen zuen emakumea eta abortua eragiten zion pertsona zigortzen zituen, 6 hilabete eta 6 urteko arteko gartzela-zigorra ezartzen zien biei. Kodeak abortatzen zuen emakumearentzako kasu batean zigor arinagoa xedatzen zuen: abortua emakumearen “desohorea ezkutatzeko” egiten bazuen. Kasu horretan gartzela zigorra hilabete 1 eta 6 hilabete artekoa izan ziteken.
Arau honek 1985 urterarte iraun zuen. Felipe González Gobernuaren presidente zela, 9/1985 Lege Organikoa onartu zen, Kode Penala aldatzen zuena. Abortua zigortzeke uzten zuen hiru kasuetan:
- Amaren bizitza edo osasunaren eraso larri bat sahiesteko egiten zenean
- Haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa zenean
- Umekia akats fisiko edo psikiko larriekin jaiotzekoa zenean
2010 urtean onartu zuen Espainiako Kongresuak abortatzea ahalbideratzen duen Legea, 2/2010 Lege Organikoa, gaur egun indarrean dagoena. Lege honek sexu-osasunaren arloan oinarrizko eskubide batzuk bermatzen ditu, horien artean, emakumeak borondatez eta modu librean haurdunaldiari etetekoa, beti ere haurdunaldiaren lehen 14 asteetan egiten bada. Amarentzako edo umekiarentzako osasun arrisku larriak aurrikusten badira, epea 22 astetara zabaltzen du.
Deja una respuesta