Gipuzkoan jarauntsi, Bizkaian jarauntsi

Oso ohikoa da gure lanean bezeroen jaraunspen kontuak aurrera eramatea. Izan daitezke oinordekoen arteko tramite adostuak, izan daiteke oinordeko jakin baten interesen defentsa, gainerako oinordekoen aurka. Modu batera zein bestera, jaraunspen guztien banaketan komuna den tramite bat dago: ondasunak jasotzeko Foru Ogasunaren aurrean egin beharreko Oinordetza Zergaren deklarazioa.

Azkenaldian egokitu zaigu Bizkaian zein Gipuzkoan aritzea, eta horrek aukera eman digu bi ogasunek, Oinordetza Zergari dagokionez, zerga araubide desberdinak dituztenez, irizpide eta beraz zerga-tipo desberdinak ere badituztela egiaztatzeko. Adibide batzuk azalduko ditugu hemen, eredu orokorrenean oinarrituta, nahiz eta gero kasuistika zabalagoa izan, lurralde bien arteko desberdinatasunak ikusteko.

Aurretik esan: zein lurraldetako zerga araubidea aplikatzen den jakiteko, eskubide sorrerazlearen (hildakoaren) helbide fiskalera  jo behar dugu. Jarauntsia sortu duen hildakoa Portugaleten bizi bazen, Bizkaian ordainduko du jaraunsle-hartzaileak Oinordetza Zerga. Ostera, Soraluzen bizi bazen, Gipuzkoakoa. Berdin dio, kasu honetarako, jarauntsia jaso behar duenaren (eta beraz, zerga ordainduko duenaren) helbide fiskala.

Bizkaian Oinordekotza-Zerga 3/1993 Foru Dekretu Arauemaileak arautzen du, eta Gipuzkoakoa berriz 3/1990 Foru Arauak (1/2014ko Foru Arauak ezarritako aldaketekin).

Bi adibide, Gipuzkoan eta Bizkaian, bi lurraldeetan 100.000 euroko jaraunspen bat, edo 50.000 euroko jaraunspen bat jasota, oinordekoek Foru Ogasunari Oinordetza Zerga dela-eta ordaindu beharrekoa. Hauek dira atera ditugun kontuak:

Gipuzkoan 100.00 € 50.000 €
Gurasoengandiko oinordetza 0 €

0 €

Anai-arreba edo neba-ahizpengandiko oinordetza 8.952,69 €

2.736,68 €

Osaba-izebengandiko oinordetza

8.952,69 €

2.736,68 €
Lehengusu-lehengunsinengandiko oinordetza 13.586,02 €

4.800,99 €

Bizkaian

100.00 € 50.000 €
Gurasoengandiko oinordetza 0 €

0 €

Anai-arreba edo neba-ahizpengandiko oinordetza 5.659,46 €

72,93 €

Osaba-izebengandiko oinordetza 8.167,46 €

2.249,29 €

Lehengusu-lehengusinengandiko oinordetza 14.581,64 €

5.873,94 €

Bi lurraldeen artean berdina den kasu bakarra guraso edo aiton-amonengandiko oinordetza da: bi lurraldeetan 400.000 eurotik beherako baloreko jaraunspena zergaz salbuetsita dago. Hortik aurrerako balorea, %1,5ean ordaintzen da. Gipuzkoan gehiago ordaintzen da oro har gertuagoko ahaidetasunean Bizkaian baino. Eta alderantziz: Bizkaian ahaidetasuna urrutiratzean, gehiago ordaintzen da Gipuzkoan baino.

Hori guztia gure kalkuluak okerrekoak ez badira behintzat.

Bi lurraldeen artean alde handia dago gutxieneko salbuetsian:

Gipuzkoan anai-arreba edo neba-ahizpa, eta osaba-izeba baldin bada hildakoa, 16.150 euroko balorea dago salbuetsia. Bizkaian berriz, 40.000 euro lehen kasuan, 20.000 euro bigarrenean dira salbuetsitako baloreak.

Lehengusu-lehengusinen kasuan, Bizkaian ez dago salbuetsitako balorerik, eta jaraunspenaren balio osoari aplikatzen zaio tipoa. Gipuzkoan berriz, lehen 8.075 euroak salbuetsita daude, hortik aurrera aplikatzen da zerga-tipoa.

Oinordetza zergaren tarifak ezartzerakoan, erabiltzen den printzipioa honako hau da: zenbat eta ahaidetasuna urrutiagokoa izan, gero eta gehiago ordaindu behar da oinordetza zergarengatik. Beraz, jarauspen eskubidea sorrerazten duena (hildakoa) eta oinordekoaren artean ahaidetasunik ez baldin badago, aplikatu beharreko tarifa garestiena izango da, lehengusu-lehengusinen parekoa.

 

, , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.