2016 urtean egindako lanaren emaitza (eta II)

Hemen 2016 urtearen bigarren zatiaren lan emaitzaren laburpena:

  1. Uztailean, Administrazio publiko batekin bi urtez administrazio bidean eta epaitegian liskarrean ibili ondoren, lortu genuen gure bezero batek herriko jaietan, festak eraginda jasandako istripu larri batengatik zegokion kalteordaina jasotzea.

     

  2. Abuztua ez da lan hilabetea epaitegietan, penaleko gauza presazkoetarako ez bada, baina bai da lan hilabetea adminitrazio bidean daramazkigun prozeduretan ebazpenak jasotzeko. Gure bezero batek, nazionalitate marrokiarra zuenak, Madrideko Dirección General de Registros y Notariados erakundearen aurrean jarri genuen errekurtsoaren erantzuna jaso zuen: Espainiako nazionalitatea ematen zion ebazpen horrek, guk jarritako errekurtsoa onartuz eta nazionalitatea ukatzen zion aurretik emandako ebazpena zuzenduz.

     

  3. Irailean Bilboko Penaleko Epaitegiaren epaia jaso genuen, akusatzaile partikular ginela (gure bezeroa indarkeria jasandako emakumea). Epaiak delitugileari sei hilabeteko gartzela zigorra ezarri zion emakumearen aurkako indarkeria delitu batengatik.

     

  4. Urrian mugarri bat ezagutu genuen, orain arte bakarra, eta itxura guztien arabera, etorkizunean ere errepikatzea kostako dena, zoritxarrez: lehen aldiz gure ibilbide profesional osoan, ia 25 urte, Eibarko epaitegian agerraldi oso bat euskaraz egin genuen, itzultzailerik barik.

     

  5. Prozedura Zibilaren Legearen 2015ko urrian egin zen aldaketaren ondorioz, epaitegietan egiten diren enkanteetan berrikuntza bat gertatu da, eta lege honez gero, enkanteak modu telematikoan egiten dira, honako webgunearen bitartez.  Orain, zerbitzu honen bitartez, epaitegietan egiten diren enkante guztiei buruzko informazioa izan dezake herritar orok, eta, interesa badu, parte hartu ahal du.Aurtengo azaroan izan dugu lehen aldiz aukera enkante telematiko batean parte hartzeko. Ez dago epaitegia zapaldu beharrik, guztia ordenagailuaren bitartez egiten da: izena eman, parte hartzeko gordailua ezarri, eskaintzak eta esleipenak.

     

  6. Abenduan, ia orain, hilaren lehen hamabostaldian Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak eman dizkigun bi epairekin bukatu dugu, zeharo desberdinak, baina biak esanguratsuak, eta batez ere, oso garrantzitsuak gure bezeroentzat.
    Lehena zibila,, 2. sekzioak emandakoa, Bergarako Lehen Auzialdiko 2 zk. Epaitegiaren epai bat, bi urteko haur baten zaintza eta jagoletza partekatua ezartzen zuen epai bat ezeztatzen duena,  horren ordez  beste bat emanez, gure bezero aitaren aldeko gurasbobakarreko zaintza eta jagoletza deklaratuz.

    Bigarrena penala,  1. sekzioak emandakoa, bezeroaren defentsan arituz, iritxi gara Ministeritza Fiskalarekin akordio batera, akusatuaren drogamenpekotasuna eta biktimaren kalteordain ordaindu izana kontutan hartuz, Ministeritza Fiskalak bere hasierako kalifikazioan eskatzen zuen zigorra aldatu eta epaian zigor hori erdira jeistea erdietsiz.

     

    KODA: Izan dira gai askoz gehiago: zor diren eta ordaintzen ez diren pentsioen erreklamazioak, mota desberdinetako erantzukizun zibilak, jaraunspenen gatazkak eta banaketak, jabetza horizontaleko gaiak, akzio zibil desberdinak, arazo penal aintzak… Baina urtea hamabi puntuetan laburtzekotan, esango genuke adierazitakoa dela erakusleiho ona.

    Eta urtea bukatzeko eta 2017ari hasiera emateko, ekin diogu punta-puntako gai bati lotutako gatazka bati:  mailegu hipotekario baten zoru klausulen inguruko erreklamazioa. Baina horren bukaera hurrengo urtean kontatuko dugu, eta bitartean, urtea hastearekin, opor egun batzuk hartuko ditugu. Urte berri on.

, , , , , , , , , , , , , , , , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.