Swap

Entzuten dugu. Orain dela urte bete inork gutxi zekien zer esan nahi zuen swap hitz honek. Gaur egun ere, zehatz mehatz zer den ez dakigu, baina hasi gara entzuten gure inguruko pertsona askok swap kontratu bat sinatu zutela bankuren batekin eta horrexegatik arazoak dituztela.

Nola saldu ziguten. Finantza-erakundeek (banku eta aurrezki kutxek) swap kontratua moduko produktuak eskaini eta gomendatu zizkieten euren bezeroei 2008ko krisialdia hasi baino urte gutxi lehenago. Eskaini zituztenean, kasu gehienetan aseguru bat zela esplikatzen zuten. Aseguru bat interes tipoaren igoeraren aurkakoa. “ Aseguru honekin euriborrak gora egiten badu, bankuak ordaindu egiten dizu”, esaten zuten, “eta ikusten duzu euriborraren bilakaera goranzkoa dela”. Gerora swap kontratua sinatu zuten banku-bezeroak konturatu ziren sei hilabetero edo urtero bankuak kobratu egiten ziela kontratu honengatik, kasu askotan kopuru altuak. Zergatik ordaindu behar diot bankuari aseguru kontratu bat sinatu banuen?

Ez zen aseguru bat, kontratuan ez da inondik inora aseguru hitza agertzen.

Zer den. Swap kontratua finantza-elkartruke kontratua da: bezeroak eta bankuak elkarren artean kuota bat trukatzen dute, nominal bati interes tipo jakin bat aplikatzetik ateratzen den emaitza hain zuzen. Oso kontratu konplexua da, eta zaila azaltzen. Adituek diote gainera arrisku altuko produktua dela, bezeroak “apostu” moduko zerbait egiten duela kontratu hau sinatzerakoan. Kasu gehienetan bezeroei ez zitzaien nahiko informazio eman, eta eman bazitzaien ere, nekez ulertu ahal izango zuten, matematika finantzieroa jakin behar baita edukiaz jabetzeko.

Kontratua deuseztatzea badago. Bezeroak konturatu direnean swap kontratu honen ondorioz jasaten ari diren diru-galerak, auzitegietara jotzen hasi dira kontratua desegitea lortzeko.

Swap kontratua auzitegietan deuseztatzeko argudioak.

–         Finantza-erakundeek ez zieten nahikoa informazio eman bezeroei kontratua sinatzeko orduan.

–         Finantza-erakundeak konfiantza gehiegikeriaz jokatu zuen, kontutan izanda gainera erakundea eta bezeroak ez dutela maila bereko posizioa kontratua sinatzerakoan, desoreka jarrera batean daudela.

–         Bezeroek kontratuaren edukinaren nondik norako zehatza jakin gabe sinatu zuten.

–         Bezeroa okertuta zegoen kontratua sinatzearen aldeko borondatea agertu zuenean.

–         Finantza-erakundeak nahikoa informazio izango zuen aurreikusteko 2008tik aurrera interes tipoa behera joango zela, eta beraz swapa nabarmen euren aldekoa izango zela.

–         Swap kontratua finantza-erakundeak eskaintzen eta gomendatzen zuen produktu bat zen, ez bezeroak eskatutakoa.

Zein epaitegitara jo. Swap kontratuak deuseztatzeko demanda judiziala kontratua sinatu zen herriko epai barrutian egin behar da.  Euskal Herrian epaitegiek dagoeneko eman dituzte epaiak finantza-erakundeen bezeroei arrazoia emanez, eta beraz, swap kontratuak deuseztatuz, eta era berean bidegabe jasotako dirua bueltatzeko aginduz.

, , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.