Gure ekarpen bat Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren urteko txostenean

Hamar urteko alaba baten gurasoak etorri zitzaizkigun, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eskutitz bat jaso zutelako. Adierazten zieten bere alabaren egoera baloratzen zihardutela, ikusteko arrisku egoera batean ote zegoen, eta horrela bazen, zegokion babes neurria aplikatzeko modua aztertzen zihardutela. Hori guztia Adin Txikikoen Erantzukizuna arautzen duen 5/2000 Lege Organikoan oinarrituz. Gurasoak zur eta lur, ez dakite zer egin duen alabak, alabak ez daki zer gertatu den. Ordurarte ez dute inongo arazorik izan.

Gurasoek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara, eta esaten zieten Adin Txikikoen Fiskaltzatik zetorren espediente bat zela. Adingabearen babeserako araudiaren arabera, ezin zutela datu gehiago eman, eta gainera, ez zekitela nondik nora sortutako espedientea zela.

Jo genuen Adin Txikiko Fiskaltzara, eta esaten ziguten haurra 14 urtetik beherakoa zenez, ez zeukatela inongo informaziorik emateko obligaziorik, Gizarte Zerbitzuetara bideratu zutela. Batean zein bestean, eskatu arren, ez zieten ematen gure bezeroei prozedura hasi arazi zuen edukiaren berririk. Argudioa: adin txikikoaren babeserako eta horretarako lege-obligaziorik ez dauka Fiskaltzak.

Hori da errealitatea gaur egun.

Demagun alabak auzokoaren autoan arrakala bat egin duela, gurasoek ez dakite. Ostera, baten batek ikusi egin du, eta salaketa jarri du Udaltzaingoan. Edo besterik gabe, ez duela alaba arrakalarik egiten ikusi, baina susmo hutsarengatik (edo beste modu bateko motibazioarengatik) salatu egiten du neskatilaren aurka hori egin duelakoan.

Herri batzuetako Udaltzaingoak ematen die salaketaren berri gurasoei. Beste herri batzuetakoak ez die gurasoei ezer komunikatzen, eta salaketa zuzenean Adin Txikikoen Fiskaltzara bideratzen du. Ez dagoenez legez araututa Udaltzainek gurasoei salaketaren berri eman behar dieten ala ez, eta Udal bakoitzak bertako ohituraz jokatzen du.

Adingabeeen erantzukizun penala arautzen duen 5/2000 Lege Organikoak xedatzen du du 14 urtetik beherako adingabeei ez zaiela erantzukizun penalik eskatuko, eta Fiskaltzak adingabeen babeserako neurriak eskatu ahal izango dizkiola dagokion erakundeari. Erantzukizun penalik gabe, ez dago espediente judizialik, eta espediente judizialik gabe ez dago bere gaineko informaziorik.

Ez 5/2000 Lege Organikoan, ez Adingabeak babesteko 1/1996 Lege Organikoan ez da arautzen gurasoek euren seme-alabeek egindakoari buruz informazioa jasotzeko eskubiderik, ez bada prozedura judizial batean. Eta eskatuz gero, gure bezeroei gertatu zitzaien moduan, ukatu egingo diete, beti ere lege-oinarria eta adingabekoaren mesedea argudiatuz.

Legeen interpretazioa baita adingabea babesteko lehenik daudela erakunde publikoak eta gero haren gurasoak.

Beste inongo instantziatara ezin jo, Arartekoarengana kexa bat bideratu genuen, zeina oso ongi hartua izan baitzen eta kezka handia sortu baitzuen erakunde horretan.  2013ko Haur eta Nerabeentzako Bulegoak Eusko Legebiltzarrerako egindako Txostenaren 53. orrialdean, Justiziari lotutako kontsultak eta kexak:

"- Salaketa bat duten 14 urtetik beherako adingabeen kasuan, gurasoei informazioa ematea.

Azken gai horrek erakundean gogoeta eginarazi digu, eta
2014. urtean horien inguruan gehiago sakontzeko asmoa
dugu, egoera horiek familiaren gertuko esparrutik heltzeko,
informazioa emanez eta egoeraren berri izanez, eta bitartekari- eta prebentzio-lanak eginez."

Komenigarria litzateke Arartekotik abiatuta protokolo bat prestatzea, tokian tokiko Udaltzaingoak, edo Ertzaintzak nola jokatu jakin dezan, modu bateratuan, 14 urtetik beherako adingabeen eskubide guztiak behar bezala bete daitezen, bai informazio eskubidea, bai intimitate eta ohore eskubidea, bai babes eskubidea, Udalek eta gainerako erakundeek zeri jarraitu izan dezaten.

, , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.