Eta hildakoak oinordekorik ez badauka, norentzat dira haren ondasunak?

Sarritan sortzen den galdera: Hil da inguruko pertsonaren bat, ez du egin testamenturik, edo egindako testamentuak ez du balio.

Eta ez dauka gurasorik, aiton-amonarik; ez ezkontiderik, izatezko bikotekiderik; ez ahizpa-arreba-anai-nebarik; ez ilobarik; ez lehengusu-lehengusinarik.

Norentzat dira orduan hildakoaren ondasunak? Nor geratuko da harena izandako etxebizitzaren jabetzarekin, hark aurreztutako bankuko diruekin?

Espainiako Kode Zibileko 956 artikuluak aurrikusten du hildako horren ondasunen xedea zein izango den horrelako kasuetan (euskarazko bertsioa Deustuko Unibertsitatea eta IVAP-HAEEk egindako itzulpena da) :

estatua izango da jaraunsle. Estatuak hildakoaren egoitzako udal erakundeei, ongintza, heziketa, gizartekintza edo lanbideko direnei, jarauntsiaren herena esleituko die, erakundeok publikoak izan zein pribatuak izan; eta beste heren bat, hildakoaren probintzian ezaugarri berekoak diren erakundeei. Batzuen eta besteen artean lehentasuna izango dute hildakoa lanbidez zein erakun kide izan eta jarduerarik gehiena zeinetan egin, eta erakunde horiek, nahiz eta halakoak estatu osorako izan. Beste herena Herri Zorraren Amortizazio Kutxarako destinatuko da, salbu eta jarauntsiko ondasunen izaera dela medio, Ministroen Kontseiluak erabakitzen duenean jarauntsiko ondasunei, oso-osorik zein zati batez, beste erabilera bat ematea”.

Alegia, hildako pertsona hori bizi izandako herriko elkarteek eskubidea dutela herentziaren (jarauntsitako ondasunen) heren bat eskuratzeko. Bigarren heren bat hildakoaren probintziako elkarteek jaso ahal izango dute. Eta hirugarren zatia zor publikoa kitatzeko erabiliko da.

Azaldutakoa atari, aurten Gipuzkoako lurraldean oinordeko bariko hamar jarauntsi edo herentzia daude. Guztira ia 500.000 euro.

Hildakoak (kausatzaileak) Irun, Donostia, Hernani, Legorreta, Errenteria eta Andoain herrietakoak dira.

Beraz, herri hauetako elkarte edo fundazioek eskatu dezakete jarauntsiaren heren bat. Eta baita ere Gipuzkoako lurraldean helbidea duten elkarteek. Kasualitatez, jarauntsia uzten duena erakunderen bateko bazkide edo langile izan bazen, erakunde horri ere egokituko litzaioke hirugarren zatian parte hartzea.

Erakunde eskatzaileak bete beharreko baldintzak:

– fundazio edo onura publikoko aitorpena duen elkartea izatea

– helbidea esandako herriren batean edo Gipuzkoan finkatuta izatea.

Informazio guztia, gaur argitaratu den Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

, , , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.