Zaintza partekatua: azken irizpiden gida

Joan zen astean Espainiako Botere Judizialak gida interesgarri eta landua argitaratu zuen gurasoen banaketaren ostean seme-alaben inguruan aplikatu beharreko zaintza partekatuaren inguruan.

Gidak epaileentzako irizpideak finkatzenn ditu, baina zalantzarik ez, familia-zuzenbideak ikutzen gaituen profesional eta, oro har, pertsona guztientzako izango du eragina.

Hirurehun orrialdetik gorako argitalpena, ondorengo puntu hauek aztertzen ditu gidak:

  • Bikotea hausteak familia-kideengan daukan eragina
  • Bikotea haustearen alderdi sozialak
  • Jurisprudentzia zaintza partekatuaren inguruan: Auzitegi Gorenaren Lehen Aretoarena, Justizia Auzitegi Gorenenea eta Lurralde Auzitegiena.
  • Zaintza partekatua prozedura adostuetan.
  • Zaintzak emakumearen edo adingabeen aurkako indarkeria dagoenean dauzkan berezitasunak
  • Hobetzeko gomendio eta proposamenak

Zaintza partekatuak guraso biek seme-alaba adingabeen hazkuntzan eta zaintzan modu arduratsuan parte hartzea dakar, eta biek aukera berbera izan dezatela seme-alabak zaintzeko eta beraiek legez ordezkatzeko bakoitzarekin dauden denboran. 

Nahiz eta azken urteotan zaintza partekatua esleitzen den kasuen ehunekoak gora egin duen, oraindik alde nabarmena dago amaren alde egiten diren zaintzen kopuruan. 

Zaintza partekatua 2005ean aipatzen da lehen aldiz Espainiako legedian, baina definitu eta arautzeke, ez zen esaten nola aplikatuko zen. Adierazten zen bakarra izan zen zaintza partekatua ezarri ahal izango zela bi gurasoek hala eskatzen zutenean. 2009tik aurrera hasi zen Auzitegi Gorena zaintza partekatua kontutan hartzen, beti ere adingabearen interesa kontutan izanda. 2013ko 257/2013 epaian ezarri zuen Auzitegi Gorenak zaintza partekatuari buruzko doktrina, hemen aztertu genuen bere garaian. 

Espainiako legediaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan arau propioak dauzkagu familia krisiak arautzeko orduan:

Nafarroan 21/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan berriz 7/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoa.

Zaintza partekatua aipatzen denetik gaur arteko jurisprudentzia aztertuta, Gidak honako hauek aipatzen ditu zaintza erregimenaren gainean erabaki bat hartzerakoan kontutan izaten diren faktoretzat:

  • Perituaren txosten psikologiko edo/eta soziala.
  • Seme-alabek beraiek adierazten duten borondatea.
  • Aurretik ezarritako zaintzari eusteko joera nabarmena ikusten da. 
  • Bikotea hautsi aurretik gurasoek aplikatu duten zaintza modua.
  • Gurasoen arteko harreman txarra.
  • Umeen adina.
  • Epaileak zaintza erregimenaren inguruan daukan aurreiritzia. 

Gabeziak ere antzeman ditu epaietan.

  • Aztertutako epai askotan fundamentazio eznahikoa eta errutinazkoa jasotzen da.
  • Gehiegi uzten da Ekipo Psikosozialengan zaintza erregimenaren inguruko erabakiaren ardura.
  • Umeak gutxi agertzen dira epaietan: gurasoen gaitasuna eta euren inguruabarrak aztertzen dira, baina ez umeen premiak eta beharrak. 
  • Umeen adina ohiz ez da kontutan hartzen.
  • Erreferentzia gutxi aurkitzen diren alderdi diren gurasoek epaiketan esandakoari. 
  • Zaintza partekatua modu lehenetsian hartzeak, baztertu egiten du familia bakoitzaren eta adingabe bakoitzaren premien azterketa sakon bat egitea. 
  • Guraso bakarreko zaintza erraz samar bilaka daiteke zaintza partekatu, ez ordea alderantziz. 
  • Guraso bakoitzak umearekin egin beharreko denborak eskas definitzen dira epaietan.
  • Denbora antolatzeko sistemaren oinarri juridikoak apenas jasotzen dira. 
  • Zaintzaren gaineko erabaki bat hartzeko orduan, sarritan epailearen aurreiritziak indar gehiago dauka familiaren inguruabarrak baino. 
  • Zaintza indibiduala daukan gurasoa 30-40 km bizitokiz aldatzeak, kasu gehienetan zaintza galtzea dakar. 

Azken jurisprudentzian aurrerapauso eta joera berriak ere sumatu ditu gidak:

  • Epai batzuetan zaintza partekatua gehiago lotzen zaio seme-alaben gaineko ardura berdintasunari, seme-alabek guraso bakoitzarekin ematen duten denboraren berdintasunari baino. 
  • Epai batzuetan zabal eta xehe azaltzen da seme-alaben gaineko zaintza partekatua gauzatzea zer den. 
  • Zaintza indibidualaren hautua egiten den kasuetan, zaintza ez daukan gurasoaren aldeko komunikazioa eta egonaldiak modu pertsonalizatuan zehazten dira. 
  • Zaintza partekatuaren inguruan esperientzia gehiago daukaten Lurralde Auzitegiek, legedia autonomiko zaintza partekatua arautzen duelako, umeek guraso bakoitzarekin pasa behar duten denbora hobeto zehazten da. 
  • Nahiz eta legeak ezer ez esan seme-alaben gastuak ordaintzeko moduaz, epai batzuek gastu horiek ondo aztertzen dituzte eta modu pertsonalizatuan ezartzen dute gurasoek gastu horiek ordainduko dituzten modua.
  • Erabat sendotuta dago zaintza partekatuaren aldeko hautua egitea, eta aldi berean, gurasoetako batek bestearen aldeko pentsio bat ordaindu behar izatea seme-alaben alde, guraso bien arteko desoreka ekonomikoa ematen bada. 
  • Aurrera pauso nabarmena egin da guraso bakoitzak seme-alaben gastuak bere gaitasun ekonomikoaren arabera ordaindu behar dituela erabakitzerakoan.  
  • Nahiz eta Espainiako legediak ez dioen ezer familiarena zen etxebizitzaren erabilera esleitzeari buruz, epai batzuek xehe aztertzen dute arazoa. EAEn eta Nafarroako Foru Komunitateko epaien kasuan, berezko legediak xehetasun hori ahalbideratzen du.
  • Legedia autonomikoek zaintza partekatua erabakitzeko orduan gertatu behar diren ondorio ekonomikoek ondo arautu izanak, segurtasun juridikoa ematen du. 
  • Haurren zaintza egin dezaketen pertsonen zirkulua zabaltzea onartzen ari da. 
  • Aurrera egin da adingabeen entzunaldietan. Gero eta gehiago eta hobeto egiten dira. 
  • Zaintza indibidual batetik zaintza partekatura pasatzen denean, egokitzapen tarte bat ezarri ohi da. 
  • Gero eta gehiago seme-alaben ohiko bizileku aldaketa ematen diren honetan, garraiobide eta komunikabideen erabilera. 
  • Epaietan erabakitzen diren puntuen jarraipenerako bideak ezartzea. 

Bukatzeko, zaintza modu bat ala beste bat erabakitzerakoan epaileak kontutan izan beharreko irizpideak finkatzen ditu

  • Seme-alabek adierazitako iritzia.
  • Gurasoen gaitasuna eta trebetasuna.
  • Gurasoek zaintza gauzatzeko duten prestasuna.
  • Gurasoen jarrera.
  • Seme-alabek guraso bakoitzarekin duten lotura psikologikoa edo atxikimendua. 
  • Seme-alaben gizarte eta familia atxikimendua.
  • Statu quo aren mantentzea seme-alaben egonkortasunari eusteko: zaintzaile nagusiaren figuraren jarrai dezala.
  • Gurasoen arteko gatazka, baldin eta seme-alabengan eragina badu.
  • Adingabeen adina.
  • Perituen txosten psikosozialen gomendioak. 

, , , , , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.