Dibortzio edo banaketa osteko seme-alaben zaintzaren arauketa gorabeheratsua izan da Espainiako Kode Zibilean:
– 1932ko martxoaren 2ko Dibortzio Legeak lehen aldiz arautzen du Espainian seme-alaben zaintza banaketa ostean: guraso errugabeari ematen zion. Errurik ezean, epaileak erabakitzen zuen zein gurasori eman zaintza, eta beti amari umeak 5 urte baino gutxiago bazituen.
– 1939ko irailaren 23ko Legeak Dibortzio Legea indarrik gabe utzi zuen, eta beraz banaketa osteko ondorio guztiak (tartean seme-alaben zaintza) bertan behera utzi zituen.
– 1981eko uztailaren 7ko Dibortzioaren Legeak kasu guztietan amari ematen zion zaintza 7 urtetik beherako umeen kasuan. Eta gainerakoan, amari edo aitari esleitzen zion zaintza, epailearen irizpidearen arabera.
– 1990eko urriaren 15eko Legeak indarrik gabe utzi zuen 7 urtetik beherako umeen zaintza nahitaez amari esleitu beharra. Ondorioz, kasu guztietan epaileak erabakitzen zuen zein gurasori eman zaintza, adostasunik ezean. Baina zaintza beti zen guraso batentzat, besteak umea bisitatzeko eta harekin egoteko eskubidea zuen.
– 2005eko uztailaren 8ko Legeak lehen aldiz zaintza partekatua kontzeptua sartzen du Kode Zibilean (92. artikulua), ordurarte amari edo aitari esleitu baitzaio zaintza.
Lege-aldaketa honen ondorioz, zaintza partekatua eman ahal izateko Kode Zibilak hauek betekizunok eskatzen ditu (92. Artikulua):
– guraso biak hala erabakitzea, eta epailea, fiskaltzari eta seme-alabei entzun ondoren (ez kasu guztietan) hala ebaztea.
– guraso batek eskatzea, eta epaileak ebaztea hori dela seme-alaben interesa ondoen betetzen duen irtenbidea. Normalean epaitegiko Talde Psikosozialak zer esaten duen izaten du epaileak oso kontutan.
Duela ia urte bete, 2013an beste koska bat egin du aurrera zaintza partekatuak Espainiako Zuzenbide Zibilean: Auzitegi Gorenaren 29/4/2013 epaia. Epai honek doktrina jurisprudentziala ezartzen du Kode Zibileko 92. Artikulua interpretatzeko orduan. Xedatzen du:
Zaintza partekatua beti ere adingabekoen interesean oinarriturik egon beharko dela. Eta berau ezartzeko, honako irizpideok izango direla kontutan:
– gurasoen gaitasuna eta nolako harremana izan duten banatu aurretik adingabekoekin.
– adingabekoek beraiek zaintzaren inguruan agertzen duten nahia.
– seme-alaba kopurua.
– gurasoek seme-alabekiko nola betetzen dituzten euren betebeharrak, eta harreman pertsonaletan elkarri dioten errespetua.
– epaitegiko Talde Psikosozialak familiari buruz egindako txostena.
– oro har, adingabekoen bizimodu egokia ahalbideratzen duen bestelako edozein irizpide, nahiz eta praktikan bizimodua zailagoa izan gurasoak elkarrekin bizi ziren garaikoa baino.
Epaiak ondorioztatzen du zaintza partekatua ez dela aparteko neurri bat, aitzitik, normala eta desiragarria izango dela, ahalbideratzen duelako seme-alabak guraso biekin harremana izateko duten eskubidea betetzea, gurasoen krisiak-krisi, hori posible denean eta neurrian.
Ia urte bete pasa denean epai hau kaleratut zenetik, hurrengo post batean ikusiko ditugu irizpide hauen ondoren Hego Euskal Herriko Lurralde Auzitegiek zaintza partekatuaren inguruan emandako epai batzuk.
Utzi erantzuna