Berandutza interesak maileguetan: deusezta daitezke

Sinatu duzu inoiz mailegu kontratu bat banketxeren batekin? Adibidez, mailegu pertsonal bat? Horrelako kontratuetan hiru kontzeptuk eta hiru zifrek hartzen dute garrantzia, ipin dezakegun kasu erreal bat:

– maileguan ematen den kopurua: 25.000 euro

– maileguak sortzen dituen interesak: %16

– berandutza interesak. %26

Azter dezagun azken kontzeptua: berandutza interesak. Mailegua jasotzen duenak dagokion garaian eta hitzartutako epean ordaintzen ez badu, banketxeak zordundutako kopuruari berandutza interesak aplikatzen dizkio, zordundutakoa ordaindu bitartean. Berandutza interes tipoa gaur egun %25 eta 29 bitartean dago, horrela ezartzen dute banketxeek, pertsona arruntak negoziatzeko aukerarik ez duen klausula batean.

Gure bezero (demagun) Mª Carmenen kasuan, berandutza interesak %26koak ziren. Ikaragarri altuak, ikaragarri hazten zioten banketxearekiko zorra maileguaren epeak betetzeko arazoak edukitzen hasi zenean.

Europar Erkidegoko Justizia Auzitegiak kontsumitzaileekin egindako kontratuen abusuzko klausulen kontrola ezartzen hasi zen 2010etik aurrera. Bi urte beranduago, Espainiako auzitegiak hasi ziren abusuzko klausula horien deuseztapena deklaratzen.

Guk ere epaitegira jo genuen, eskatuz berandutza interesak ezartzen zituen klausula deuseztatzeko. Eibarko epaitegiak gure eskaria onartu du, eta demanda baietsi.

Mª Carmenek Banco de Santander banketxearekin sinatu zuen mailegu kontratuan, %26ko berandutza interesa aplikatzen zuen klausula deusetzat jo du Eibako epaitegi batek. Epaiak dio maileguan bi interes bereizten direla: maileguak sortzen duen interesa (banketxeak dirua uzteagatik kobratzeko eskubidea duen interesa) eta berandutza interesa (ez betetzeagatik zehapena ekartzen duen interesa). Epaitegiak irizten dio horrelako zehapen altua, gaur egun diruak daukan interesa baino 2,5 aldiz altuagoa, abusuzkoa dela, eta beraz, klausula hori jarri izan ez balitz bezala hartu behar dela.

Epai honen bitartez lortu dugu beraz berandutza interesak ezartzen duen abusuzko interesa deuseztatzea, eta gure bezero Mª Carmenek banketxearekin duen zorrari berandutza interesen zatia kentzea.

, , , ,

Erantzun bat “Berandutza interesak maileguetan: deusezta daitezke” bidalketan

  1. […] El Correo paperezko egunkarian, guk hemen idatzi  genuen gai bati buruzko albistea dakar: berandutza interesen deuseztapena, epaileak abusuzkoak iritzita, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude